This text has not been translated yet. Disculpa, texto aún no traducido.
Azaroan ekitaldi ugari izango ditugu gure agendan, lehenengo egunetatik hasita. Ostegunean kontzertu garrantzitsu batekin hasiko gara Bilboko Kafe Antzokian (azaroak 1) Dan Baird & Homemade Sin taldea etorriko baizaigu. Baird The Georgia Satellites talde ezaguneko burua izan zen. Kartela osatuz, Mother Superior taldeko kantari eta buru Jim Wilson izango dugu bere taldearekin. Ostiralean Juan Zelada kantariaren txanda izango da, Londresen arrakasta handia izaten ari dena (azaroak 2). Larunbatean kontzertu berezia izango dugu, bateria jotzaileentzat eta bateria zaleentzat aproposa: Carmine & Vinny Appice Drum Wars ikuskizunean (azaroak 3) bi baterista bikainon arteko lehia eta erakustaldia ikusi ahal izango dugu.
Hurrengo asteko astelehenean kontzertu hirukoitza izango dugu (azaroak 5), Los Straitjackets talde mitikoa "Jet Set" disko berria aurkezten izango dugu. Beraiekin Pontani Sisters burlesque dantzariak eta Big Sandy handia bere American roots eta western swing estiloarekin. Asteartean Barrura begiratzeko leihoak filmaren emanaldia (azarok 6) izango dugu, bost zinemagileren artean euskal presoen inguruko unibertsoari buruz hainbat ikuspegi islatzen dituen dokumentala. Asteazkenean (azaroak 7), Gotzon Barandiaran idazlearen eskutik zabalduko dugu Idazlearen txokoa, goizez eta eguerdiz, Literatura errotik izeneko hitzaldiarekin. Gauean (azaroak 7) Ingalaterrako bi talde etorriko zaizkigu: The Brew eta Hollow Days rock eta blues taldeak. Ostegunean (azaroak 8), soul gaua izango dugu Lee Fields & The Expressions taldearekin. 60ko hamarkadan hasitako kantaria dugu Lee Fields, 70eko funk urteetan ibilia. Ostiralean (azaroak 9) San Martin jaia ospatuko du gurean Algara konpartsak, goizean hasi eta eguerdian txistor-jana antolatuta. Gauean Pink Tones tribute taldearen bi bisitetako lehena izango dugu (azaroak 9) Pinks On The Wing izenburupean 70ko hamarkadako abestiak joko dituzte eta larunbatean (azaroak 10) A New Pulse ikuskizunean, 80ko hamarkadako kantuen errepasoa egingo dute. Igande arratsean (azaroak 11) Txan Magoak Ezer ez da dirudiena ikuskizuna ekarriko digu haurrentzat.
Hurrengo asteazkenean (azaroak 14) Sua filma ikusi ahal izango dugu gure zine txokoan, XVII. mendean Lapurdin izandako inkisizioaren inguruko herri-film historikoa. Honekin lotuta egongo da hurrengo astean gurean izango den erakusketa. Ostegunean (azaroak 15) Lagun Artean Kantari kantagintza saio irekia izango dugu Anje Duhalderen eskutik. Ostiralean (azaroak 16), Bilboloop jaialdia izango da gurean, beste urte batez. Bertan, Maika Makovski sortzaile eta kantaria, Elephant eta Ainara Legardon izango ditugu. Larunbatean (azaroak 17) jaialdiak jarraituko du Irlandako The Cast Of Cheers laukote dantzagarria, La Femme eta On D'Rocks taldeekin.
Hurrengo astean, Sua filmaren inguruko erakusketa izango dugu astelehenetik ostegunera (azaroak 19-22). Asteazkenean ekitaldi asko izango ditugu gurean: eguerdian Joxemanuel Odriozola: Euskara zertarako behar dugu? izeneko hitzaldia eskainiko digu, Zenbat Gara elkarteak, soziolinguistika gaiak hizpide hartuta, antolatutako hitzaldi sortaren baitan. Arratsaldean, euskal eta kubatar ikastetxeen arteko senidetze-ekitaldia izango da gurean. Egun bereko iluntzean Urbeltzen Dantza Ganbara egongo da, Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean hilero Zenbat Garak antolatzen duen euskal dantza saio irekia. Ostegun goizean, (azaroak 22), berriro Bilbo Hiria irratiko Ibaizabal magazina Kafe Antzokira jaitsiko da, bertatik zuzenean mahaingurua eskaintzeko: Krisiaren ondorioak eta beste goiburupean, ekonomia krisialdiaren gaia jorratuko dute gonbidatuek eta emanaldia zuzenean jarraitu ahal izango da Bilbo Hiriaren seinalean (FM 96) zein Internet bidez. Gauean Betagarri taldea etorriko zaigu (azaroak 22). Gasteiztarrek eurren Zorion argiak disko berria aurkeztuko digute, hainbat lagunen kolaborazioak jasotzen dituena. Ostiralean (azaroak 23) Seether taldea izango dugu, rock indartsua eta melodiaz betea jorratzen duena, Heaven's Basement taldeak lagunduta. Larunbatean (azaroak 24) The Jim Jones Revue izango dugu, bere The Savage Heart disko berria aurkezten. Beraiez gain, Dj Chulina eta SouLon Dee-Jai disko jartzaileak izango ditugu gaua girotzen. Igandean (azaroak 25) Zirtaka antzerki taldeak Maddi pirata antzezlana taularatuko du haurrentzat.
Hilabeteko azken asteazkenean (azaroak 28), Euskara ikasleen dantza-kanta gunea estreinatuko du gurean Gabriel Aresti euskaltegiak. Hilean behin, euskal dantzak eta kantagintza era erraz eta dibertigarrian ikasi eta praktikatzeko aukera ona izango dute euskara ikasleek aurrerantzean. Asteazken arratsaldean, berriz, Kirmen Uribe idazleak laster argitaratuko duen bere hurrengo nobelaren pasarte batzuk irakurriko ditu jendaurrean. Ostegunean (azaroak 29) Errumaniako Fanfare Ciocarlia taldea etorriko zaigu, sustraidun musika balkanikoaren baitan haizez osatutako talde ezaguna. The Return Of The Legends diskoa aurkeztuko digute, ohi bezala, erritmo biziz eta koloretsuz osatutako musikarekin, festa giroa bermatuz. Ostiralean (azaroak 30) El Drogas izango dugu, urteetan Barricadako arima izan den gizona bakarka etorriko da oraingoan eta Barricada, Txarrena eta La Venganza de la Abuela taldeen abestirik esanguratsuenak errepasatuko ditu kontzertu berezian.
Ondarroako Kafe Antzokian, berriz, Anari azkoitiar abeslaria izango dugu lehen ostiralean (azaroak 2) bere bandarekin, ez galtzeko moduko kontzertu bakanetakoan. Biharamunean (azaroak 3) Itsasoa berbetan literatur gala izango dugu Literatur Amuak jardunaldien baitan. Besteak beste, Kresala dantza taldea, Keu, Joxemari Urteaga, Kemen Lertxundi, Leire Bilbao, Ana Urkiza eta Mikel Etxaburu izango ditugu bertan. Igandean (azaroak 4) Publikoari gorroto antzezlana izango dugu, Huts Teatrok aurkeztuta eta Xabier Mendigurenek idatzita.
Azaroaren 16an 1977ko punk musikak hartuko du aretoa The Ricky C Quartet ingeles talde ezagunarekin, eta eurekin Dirty brothers, Txabolakumeak eta Garraxi arrasatear taldeak ikusi ahal izango ditugu. Biharamunean (azaroak 17), Joseba Gotzon eta Niko Etxart kantariak izango ditugu. Portugaletekoak Euskal Selekzioarekin lotutako proiektua landu du Nortasuna: Lau hormen artean goiburupean.
Hurrengo larunbatean, Zuloak taldea etorriko zaigu (azaroak 24), Fermin Muguruzak izen bereko filmerako sortutako taldea, berriki diskoa aurkeztu duena.
Hilea bukatzeko, azken ostiralean (azaroak 30) El Columpio Asesino nafar taldea izango dugu. Eurekin batera Bikustik, Jon Gurrutxagak osatutako bikotea etorriko zaigu. Biharamunean (abenduak 1), Anje Duhaldek zuzenean aurkeztuko digu iaz Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokietan grabatutako Ibilean diskoa. |