|
Kafe Antzokia 1995ean zabaldu zen, Bilboko erdigunean. Garaian utopiatzat jotzen zena, gaur egun errealitate oparoa da; euskal kulturan oinarritua, era berezi, zabal eta eraginkorrean garatua.
Hamahiru urte baino gehiagoko ibilbidean garatu diren milaka kultur ekitaldietan (topaketa, hitzaldi, kontzertu, umegune, jai…) milioitik gorako jende kopurua pasatu da bertatik. Hainbat non bilbotar guztien artean, euskaldunon artean eta Euskal Herri osoan toki erreferentzial eta nahitaezkoa bilakatu den. Nazioarteko mailan ere sekulako ospe eta oihartzuna dauka, bertatik pasa diren ehunka musikari eta taldeei esker.
Kafe Antzokiaren edukiari dagokion jende kopuru legala bideragarritasuna bermatu dezakeen eta aretoak erraz onar dezakeen kopurua baino gutxiagokoa da. Horren aurrean, biak bermatuko lituzkeen konponbidea aurkitzea kezka nagusienetarikoa izan da hasieratik. Berriki, administrazioko hainbat teknikarik iradoki eta aholkatu dute atzekaldeko irteera-ate bat zabaltzea nahikoa litzatekeela jende kopuru legala ia bikoizteko eta, ondorioz, bideragarritasuna bermatzeko. Baina horretarako Udalak baimena eman behar du eta orain arte ez du onartu, zonaldeko ‘saturazioa’ argudiatuz.
Kafe Antzokia konponbide hori lehenbailehen gauzatzearen alde dago, faboritismorik gabe. Ziur, gainera, horretan partaide, bezero eta herritar askoren babesa daukala. Jokoan dagoena haren bideragarritasuna da, beraz haren jarraipena. Horrengatik, hain premiazkoa izatea orain babes hori adieraztea, egoera desblokeatuz zentzuzko konponbide bat gauzatzen lagundu baitezake eta, ondorioz, Kafe Antzokiak bere ibilbide oparoan jarraitzea, Bilbo eta gure kulturaren faboretan. Sinatu adierazpena |