|
Uda Gabriel Aresti euskaltegian |
|

Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak 2012ko udarako prestatu duen ekimen sorta zabalean dudarik haur eta gazteak izango dira protagonista, beraientzako ekimen mordoa prestatu baititugu aurten. Horietako lau erabat berriak izango dira: haurrentzako udaleku irekiak Bilbon, A eta B ereduko ume eta gazteentzako euskara klaseak Bilbon, Klaketa izeneko bideo sorkuntza ikastaroak eta Danok Bat taldearekin prestatu dugun Futbol Campusa. Aurreko urteotan bezala, aurten ere gazteentzako barnetegi bereziak prestatu ditugu Bakaikun eta Bilbon.
Helduentzako, bestalde, barnetegiak, euskara ikastaro trinkoak eta autoikaskuntza aukera anitza izango dugu, ekainetik irailera. Barnetegi txanda asko egongo dira Bakaikuko etxean (Nafarroa) eta Bilbon (kasu honetan gaualdia kenduta) eta, ohi bezala, klaseak eta aisialdi jarduerak izango dituzte egunero. Bestalde, egunero bost, hiru edo bi orduko ikastaro trinkoak izango ditugu Bilbon. Ikastaro guztietan iazko prezioak mantendu ditugu eta matrikulazioa zabalik dago jada. |
|
Atoan! argitaletxea aurkezten |
|
Osteguna, 2011(e)ko abendua(r)en 01-(e)an 13:15etan |
|
Gaur aurkeztu da jendaurrean Atoan! argitaletxe euskalduna Bilboko Kafe Antzokian. "Euskara errazean" bilduma eta bertan lau liburu aurkeztu ditu Zenbat Gara elkartearen ekimenez sortutako argitaletxe berriak: Ehuneko ehun, Hego Itsasoetako ipuinak, Lurtarrak eta Maggie, kaleko neska bat, denak euskara ulerterrazean idatziak, euskara ikasten ari direnek aparteko zailtasunik gabe irakurri eta ulertu ahal izateko. Imanol Berriatuak bere garaian abiatutako bidean, "Euskara errazean" bildumak erraztu nahi dio irakurleari euskaraz irakurtzen hastea, zenbait elementu erabiliz:
- Irudi eta argazki ugari, testua arindu eta errazago ulertzeko
- Literatura egokitua, euskaraz gustura irakurtzen hasteko
- Testu osagarria, gai nagusia girotu eta kokatzeko
- Ahozko lanketa, gaiaz pentsatu eta hitz egiteko
- Hiztegi lagungarria, kontakizuna oztoporik gabe irakurtzeko
- Liburu bakoitzak zailtasun maila ezberdina du (Europako erreferentzia markoaren arabera)
Etorkizunean, bilduma honetan goiburu berriak argitaratzeaz gain, eduki interesgarria, kritikoa edo eraikitzailea izango duten bestelako liburuak ere ateratzeko asmoa du Atoan! argitaletxeak, jakintza, literatura edo gogoeta arloetakoak. Informazio gehiago eta eskabideak egiteko modua aurkituko duzue egunotan Atoanen webgunean eta, noski, Durangoko Azokan, urtero bezala Zenbat Gara elkarteak ipiniko duen erakustokian ere bai. |
|
|
|
|
1. orrialdea. Guztira: 2 orrialde |