Aurresalmenta: 10,00 euro (Kafe Antzokia,
kafeantzokia.com),Txarteldegian: 12,00 euro. Zenbat Gararen LAGUNAK: 6,00 euro.
Mikel Urdangarin kantautore zornotzarrak Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du bere azken lana den "Anek idatzi dit zutaz" diskoa. Urdangarinen lan berriak karga instrumental handia dauka, eta nobedade ugariz beteta dago. Bere ibilbideko bederatzigarren lanean, abesti bihurtutako bizipenak lehen, bigarren eta hirugarren pertsonan kontatzen ditu. Abesti horiek erabat garbiak dira, eta jatorri tradizionaleko herri-folklore nabarmena antzematen zaie.
Mikel Urdangarin ez da bakarrik igoko agertokira, bere taldeko bost musikariak izango baititu lagun, eta, abeslariaren gitarra barne, guztira zazpi instrumentu batuko dituzte. Rafa Ruedaren gitarra elektrikoak eta mandolinak, Bingen Mendizabal eta Nika Bitchiashviliren biolinek, Saihelaren bateriak eta Koldo Uriarteren teklatuek eta ahotsak Mikel Urdangarinen gitarra eta ahotsarekin egingo dute bat.
Zornotzan jaio zen 1971n eta musikaren munduan hamar urte daramatza. "Anek idatzi dit zutaz" diskoko 13 kanta berriak, Urdangarinen lanetan izan ohi denez, barne begiradetan daude inspiratuta, eta toki, herrialde eta izen berezien aipamenez josita daude. Azken diskoa bereak diren konposizio gutxien dituenetakoa da. Hain zuzen ere, Zornotzako kantautoreak bere azken lanak biltzen dituen 13 kantuetatik lautan sinatzen ditu musika eta hitzak. Besteetan honako konpositore hauen lankidetza izan du: Unai Iturriaga, Kirmen Uribe, Jon Maia, Igor Elorza, Sustrai Kolina, Xabier Amuriza eta Iñaki Aurrekoetxea. "Anek idatzi dit zutaz" diskoak bere lehendabiziko lanak diren "Haitzetan" eta "Badira hiru aste" bezalako diskoei jarraitzen die.
Ordua: 21:30