2008ko maiatzak 28, Asteazkena | Bilbo

Samar

Aurresalmenta: 8,00 euro (Kafe Antzokia). Txarteldegian: 10,00 euro.

irudi batDagoeneko dena entzun dugula eta ezerk harritu ezin gaituela uste genuenean, Donostiako Samar taldearekin egin dugu topo. Izen horren atzean mundu desberdinetatik datozen bost musikari ezkutatzen dira. Eskarmentu handia dute musikaren hainbat alorretan (zinema, inprobisazioa, sustraietako musika) eta kolore anitzeko soinuak dakarzkigute, inolako konplexurik gabe.

Pascal Gaignek (gitarra elektrikoa, ud-a, berinbaoa eta vocoder-a), Javier Areak (bateria, gonga, darbuka eta d’jembe-a), Ritxi Salaberriak (baxua), Iker Telleriak (perkusioa, panderoa, darbuka, pailak eta bateria) eta Iban Nikolaik (didgeridoo-a) jotzen duten musika honela deskriba genezake: Folk eta World Music-aren arteko nahasketa moderno bat, alternatiboaren esparruan kokatzen dena. Batzuetan kutsu landatarra du eta beste batzuetan hiritarra; zenbaitetan Jazz edo Reggaez beterik dago, eta beste batzuetan, aldiz, Teknoz edo esperimentazioz.

Talde honek aurre egin dio inguratzen gaituen musika komertzialari, gure entzumena eta ikusmena gozatzeko asmoarekin, eta arriskatu egin da indarrez eta birtuosismoz beteriko musika-paisaia ederrak sortuz.

Ramas da taldearen disko berriaren izena. Zuhaitz baten adarrek edo pintore baten paletak bezala, hainbat kolore eta estilotako abestiak eskaintzen dizkigu.

Adibidez, “Totem” hasierako abestiko Funkya. “Morako” abestian, didgeridoo-ak perkusioekin egiten du bat, Marokorako irudizko bidaia bat sortzeko. “Cuarto y Mitad” pieza, bere aldetik, barru-barruko soinuez eta xehetasunez josita dago. “Reggae Raagga” abestian, erritmoak biziagoak dira eta trantze-egoera moduko bat sortzen dute; gauza bera gertatzen da diskoaren ekuatorea den “Rap Ero”rekin. Rap-a ahotsarentzat bakarrik ez dela erakusten digu abesti horrek. “Traveller”, “Plutón Planet” eta “Tekno khan” konposizioek taldearen alderdirik esperimental eta modernistena uzten dute agerian. Samarreko kideak oso trebeak dira emaitza bikainak lortzeko une bakoitzean elementurik egokienak uztartzen.

Lehenago ikusmena aipatu dugu. Izan ere, Samar zuzenean ikusi beharrekoa da. Bere kontzertuek ezin hobeto osatzen dute diskoa: eszenaratzean magia eta musika-tresnen indarra da nagusi. Bost musikariek duten onena eskaintzen digute kontzertuetan, izaki bakar bat bihurtuz. Berriro ere, tresna horiek ezin hobeki nahasten dute musika klasikoa eta modernoa, tradizionala eta gaurkoa. Urrutikoa eta hurbilekoa, funtsean.

Bost musikariek egungo musika-agertokia freskatu nahi izan dute, aire dibertigarriagoak eta heterogeneoagoak ekarriz. Talde honen nota eta musika-estiloen errekak ibai zabal batekin egiten du bat: kalitatearekin.

Ordua: 20:00

Euskalbanner
Euskalbanner