Doako sarrera.
Gure gurasoek kontatzen dute, duela denbora asko, bazegoela “KORRONTZI” izeneko trikitilari bat, igandero-igandero Mungiako plazaraino hurbiltzen zena bere asto gainean jarrita trikitixa jotzeko asmoz, honela, bere doinuekin, hamaiketako meza ostean eliz atarian biltzen zen jendetza alaitzeko asmoz. Orduak jotzen zituen jendeak begionez botatzen zizkion txanpon apurrak biltzeko, horrela, lortutako altxorra nahikotzat jotzen zuenean, berriro bere astora igo eta bildutako jendeari agur esaten zion hurrengo iganderarte. Gaur egun KORRONTZI talde gazte bat da, beraien lehen lanean, musika eta irudien bitartez, trikitilari zaharren biziak omendu nahi izan dituena, batzuei bizi izan zituzten garai haiek gogoratu nahi dizkiete eta gazteenei orduko jendearen bizi modua erakutsi; trikitilari haiek, jakin gabe gure kulturaren zati bat bizirik mantendu zutelako. Lehen lan hau osatzeko 4 eskuk sortzen dituzte melodia eta akordeak, eredu tradizionalez beteta eta mundu osoko eraginei zabalik dauden 4 esku, Agus Barandiaran eta Mikel Romero izan dira esku horiek gidatzeko arduradunak.
Lehen lan diskografiko honek melodiak eta erritmoak, giroak eta usainak, lurraldeak eta herriak batzen ditu, denak dauka tokia musika denean arrazoia eta ondorioa, trikitixa eta mandolina lau eskutara egindako guda bateko soldadu direnean. Bi instrumentu dira abesti berri hauen gidariak, iraganaren ikuspegi berezi bat sortuz etorkizuna ahaztu gabe, doinu zaharrak gogoratuz eta kultura desberdinak biltzen dituztenak; baina ez daude bakarrik: gitarra, alboka, whistle, kajoia, baxua, bateria, txistua, karamiloa... bezalako instrumentuek bost musikariren guda honetan laguntzen dute eta azkenean, dudarik gabe, entzulea irabazle izatea lortzen dute. Agusek eta Mikelek 2004aren hasieran sortu zuten taldea eta laster batu ziren Ander, Iker eta Pedrorekin, kontzertu ugari emanez ordutik aurrera, musika eta irudiak biltzen dituen ikuskizun batekin. Horretarako taldeak parte hartu eta Inaz Fernandez - Karlos Juarez bikoteak egindako laburmetrai bat erabili dute. Horrela taldea Getxo eta Galdames bezalako folk jaialdietan egon da eta baita Euskal geografiako beste hainbat antzoki eta herrietan. Bi urteko ibilbide musikalaren ondoren, taldeak bere proiektua pauso bat aurrerago eraman nahi duela konturatzen da eta horretarako bere musika EuskalHerritik kanpo atera behar duela uste du. Une horretan jartzen da harremanetan Madrilgo Nubenegra eta bertoko Baga-Biga disketxeekin, bere proiektu berria aurkeztuz; horrela kaleratzen da KoRRoNTZi-ren lehen lana, tadeak zuzenean erabili dituen abesti eta irudiak barne dituena, gurea bezalako herri txiki baten ohiturak eta musika mundura zabaldu nahi duelarik. Erritmo zaharretan oinarrituz taldeak sortutako abestiek, eta bestalde, laburmetraian bildutako irudiek, gehienetan aspaldi atzean geratu ziren antzinako musikari zahar haien bizitzak irudikatzen dituzte, baina oraindik, gaur egun, KoRRoNTZi-ren bitartez maite eta gogoratzen ditugu.
Ordua: 20:00