Sarrera gonbidapen bidez.
Abenduaren 15a, Bilboko Kafe Antzokiaren hamar urteko ibilbidea ospatzeko egitarau berezia prestatu dugu, egun berezi honetarako, gonbidatu eta ekitaldi bereziekin. Mila esker 10 urte hauetan gurekin parte hartu, lagundu eta Kafe Antzokira hurbildu zareten guztioi eta ondo pasa egunotan, gure urteurrena dela eta antolatu ditugun ekitaldi bereziekin.
Abenduaren 15ean Zenbat Gara elkarteak Bilboko Kafe Antzokia zabaldu zuenetik 10 urte beteko dira. Bilboko erdigunean, euskal kultura mugimenduaren topagunea izateko asmoz eta, era berean, munduari irekia, munduko kultura, herri eta hizkuntzei irekia dagoen egitasmoa da Kafe Antzokia.
Beraz, gure kulturako emankizunek toki berezia hartzen badute ere, Kafe Antzokiaren eskaintza ez da euskal ekoizpenetara mugatzen eta, haiekin batera, mundu zabaleko herri, jende, kultura, sentsibilitate eta estiloak ere dasta litezke bertan. Izan ere, nongoak eta nor garen jakinik, munduko herri guztiei irekiak gaude, ikusteko eta ikasteko prest, beti ere berdintasunezko harremanetan, bakoitza bere nortasunetik abiatuta eta bestearekiko begirunea erakutsiz. Hori baita gure ustez unibertsala izateko zinezko modu bakarra.
Eta 10 urte hauetako balantzea egitean, harro gaudela esan behar, Kafe Antzokia erreferente bilakatu delako jende eta talde ugarirentzat; hamarkada honetan 2.500dik gora ekitaldi antolatu dira berton, kontzertuez gain bertso saioak, antzerki emanaldiak, kantagintza eta dantza saioak, haurrentzako ikuskizunak, jai eta festa esanguratsuak, diapositiba emanaldi eta erakusketa anitz, aurkezpen, hitzaldi eta prentsaurreko mordoa…
Kafe Antzokia lasai egoteko bilgunea ere bada, lagunekin elkartzeko, trago bat edan edota eguneko menu gozoa dastatzeko. Eta 10 urte hauetan milaka izan dira Kafe Antzokian, era batean zein bestean bat egin duten herritarrak. Beraiek ere zoriondu nahi genituzke Antzokiaren parte sentitu diren heinean.
Esan bezala, abenduaren 15ean ezezik, aurre-atzeko egunetan Kafe Antzokian ohiko diren zenbait ekitaldi era berezian prestatu ditugu, egiten ari garenaren isla eta seinale. Bidaltzen dizuegun egitarauan zehazten ditugu ekitaldiok.