Sarrera doan.
Ikasturteko azken kantu saioa, gaurko eta lehengo doinuak abestuz, lagun arteko ostatu giroan eta Anje Duhalderen laguntzarekin. Helburua lagunarteko giro informalean kanta zahar eta berriok ikastea eta kantatzea da.
"Lagun Artean Kantari", Anje Duhalderen eskutik
Hau Zenbat Gara Elkartearen ekimen bat da. Kantatzea giza ariketarik behinenetakoa denez, kantatzeko ohitura berreskuratu nahian “Kantagintza” ekimena abian jarri zen. Helburua lagunarteko giroan kanta zahar eta berriak ikastea eta kantatzea.
Gaur egun kalean zein tabernetan kantatzeko ohitura galtzen ari da, baikor izanik, edo jada galdua da, eta beraz kanten transmisioa ere eten. Eskolak ematen duen kantuen ezagutza eta praktika bere testuinguruagatik eta adinagatik ezin da tabernara eraman. Bertako praktika lekua berriz, irrati, telebista eta musika ekipoen uhinek betetzen dute, kantuari, pertsonaren eztarriari, lekua kenduz.
Hilean behin egiten da Bilbon, lehenengo asteazkenean, arratsaldeko 8etan, Anje Duhaldek kudeaturik. Arrakastatsu gertatzen ari da ekimena eta lortu nahi zen helburua, hau da kantuan modu naturalean egiteko gune eta egoera aproposa sortu eta jendea biltzea lortzen ari da. Ondarroan ere bere ibilbidea hasi du hilean behin eta jendea bildu du egin diren ekitaldietan.
Anje Duhalde
1950ean sortu zen Arrangoitzen, Lapurdin. Oso gazterik hasi zen musikan. Gaur egun kantari eta gitarrajole bezala da ezaguna, baina hastapenetan, 60ko hamarkadan, bateria jotzen zuen “El Fuego” taldearekin, dantzaldiz dantzaldi.
70eko hamarkadan, Mixel Ducaurekin batera, euskarazko lehen rock taldea sortu zuen Anje Duhaldek, Errobi mitikoa. Rock progresiboa eta nazioarteko beste hainbat joera hurbildu zizkigun talde hark.
“Errobi”ko sortzaile da, taldea desegin zenean bakarlari bezala segitu zuen, baina kosta egin zitzaion “Errobi”ren itzaletik aldentzea. Bakarlari lan horretan tradizioarekiko atxikimenduak pisu handiagoa hartu du rock eta pop moldeko kantuetan.
1980 urtean “Errobiaren hegitik” atera zuen, bere bakarkako lanari hasiera emanez eta bizitza osoa eman du ogibide horretan.
Elkarlan asko egin dituen bakarlaria da Anje Duhalde. “Akelarre”taldearekin, esaterako, lau urtez ibili zen, berbenaz berbena, Euskal Herriko txoko guztiak ezagutzen. “Akelarre”ren bi diskoetan parte hartu zuen “Gau pasa” eta “Ari gara” izenburukoetan.
Baina berbenero alde horrek ez zion ukatzen bere bidetik segitzea eta “Erroz eta oroz” edota “Nahas-mahas” diskoak dira horren adibide. Beranduago, Xabier Amuriza bertsolariarekin egindako lanaren emaitza plazaratu zuen 1991n. “Xabier Amurizarekin kantari” diskoa txapeldunaren bertsoekin osatua dago, Duhaldek gitarra eta ahotsa jarri dizkio eta musika bion artean egina da. Lan bikain horren ondoren “Bakezaleak” (1992) atera zuen, oso kritika onak jasoz, eta 1993an “Zuzenean” disko bikoitza, non bere kanten bilduma egiten den.
Harrezkero “Azkarate”, “Pinpirin eta Florian” eta “George Brassens kantari” diskoak plazaratu ditu.
Anje Duhaldek sentimendua duen edozein musika gustatzen zaiola dio eta bere idoloak, Neil Young, Bob Dylan, Paul Simon ez ditu aldatu. Kantari konprometitua, zentsura dela eta arazoak izan ditu.