Juan Pedro Esnaola euskal-argentinarraren musika-lanetan oinarrituta
Elena Jauregi sopranoak eta Norberto Broggini piano-jotzaileak gala liriko berezia eskainiko dute. Gala liriko horren bidez, bi musikari horiek XIX. mendean Río Platan izandako euskal erromantizismoaren berri eman nahi digute. Bada, Esteban Echeverríaren (1805-1851) testuetan oinarrituta, Juan Pedro Esnaolak (1808-1878) pianorako konposatutako abestiak entzuteko aukera izango dugu. Kontuan hartu behar da Esteban Echeverría Río de la Platako poetarik garrantzitsuena izan zela erromantizismo-garaian, eta Juan Pedro Esnaola Argentinako konpositorerik garrantzitsuena.
Elena Jauregi ordiziarra da. Logroño Hiriko XII. Nazioarteko Lehiaketan “etorkizun onenari” saria irabazi ondoren, Alfredo Krausekin hasi zen lanean Madrilen. Ikasketak Guadalajarako Goi-mailako Musika Kontserbatorioan amaitu eta Italiara joan zen. Debuta “Ippolito ed Aricia” operarekin egin zuen 1999an, Martina Francako jaialdian. Debut arrakastatsua izan eta gero, hainbat opera abestu ditu. Madrilgo Teatro Real entzutetsuan ere abestu du.
Norberto Broggini argentinarrak Ginebran burutu zituen ikasketak. Europako Erkidegoko Orkestra Barrokoko solista izan zen 1992an, Ton Koopman-en zuzendaritzapean. Vénissieux-eko Musika-eskolako (Frantzia) irakasle ere izan da. Europako eta Ameriketako jaialdi askotan eskaini ditu kontzertuak, hala nola, Alemanian, Belgikan, Frantzian, Espainian, Italian, Suitzan, Argentinan, Brasilen, Mexikon eta Kuban. Ikerketa-lan eskerga egin du latinoamerikar musika berreskuratzeko. Horren adibide da, berbarako, Ondarroan eskainiko den Juan Pedro Esnaola euskal-argentinarraren musika-lan argitaragabeen gala lirikoa.
Egitaraua:
Abestiak
— El desamor
— Mi destino
— Ven dulce amiga
— La ausencia
— La diamela
— El desvío
— El ángel
— La aroma
— El desconsuelo
— A unos ojos
— Un adiós
Pianorako musika-lanak
— Capricho en forma de cielito
— Minué Federal o Montonero
Hora: 13:15